XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2. BERE BIZITZA PROFESIONALA

Ezer gutxi dakigu Miguelek bere lanbidean eman zituen lehen urratsei buruz. Bere jaiotzari buruz dakigunaz aparte, lehen berria Maria Josefa bere ilobaren jaiotza-agiriak damaigu 1790eko martxoaren 24an, hau da, arkitektoak 25 urte zituenean. Badirudi jaiotza horretatik gutxira Madrilera jo zuela han bizi izatera eta seguraski San Felipe el Real komentuko lanetan hasi zela.

Gortera iritsi eta hil zen arte burutu zituen ihardueren gain egin ditugun ikerketak beharrezkotzat jo ditugu, dokumentu eta kontratu askotan, Migueli buruzko aipamenetan, Arquitecto del Rey Nuestro Señor bezala agertzen delako. Hala ere, Madrilgo Erret jauregiko agiritegian bere izenik ez da azaltzen inondik inora, eta Bere Maiestatearen soldatapekoa zela egiazta dezakeen espedienterik ere ez dugu aurkitu.

Badakigu Madrilen zela 1723ko uztailaren 22an, Juan bere anaiak ondasunak Asensio bere semeari arkitektoaren oinordekoa izango zena eta Catalina bere alabari banatzerakoan, Migueli buruzko aipamena egiten baita notaritza-agirian: Asensiok Miguel de Irazustari bere gurasoen jaraunspenetik zegozkion legitimoak ordaindu beharra bereganatu zuen, eta konpromiso honen agirian reside en la villa de Madrid esaten da. Bertan bizi zen artean 1724ko ekainaren 2an, laster batean Alkizara bidaiatzeko prest.

Okasioari helduz, Lorenzo de Alquizalete eta Maria Tovares bere emazteak parroki elizan oroigarri bat egin zezan eskatu zioten eta arkitektoak hara heldu eta hamasei egunetara bete zuen eskaera.

1724ko irailaren 11an bere jaioterriko erretaula eskrituratu eta egiten hasi zen, ondoren alboetakoei ekin zielarik; urte batzuk geroago dena bukaturik zuen. Bere familiari dagokion dokumentu batean aurkitu dugu Miguel, Martin de Irazustaren ezkontzari buruzko agiri batean, hain zuzen ere. Martin hau Josefa bere hilobaren semea zen eta Martin Antonia de Arreserekin ezkondu zen Hernialden 1725eko abuztuaren 6an, Miguelen izena agertzen delarik testigu ezkontza-agirian 60. DEA. Hernialdeko ezkontza-liburua (1700-1726).

Handik gutxira, 1725eko azaroaren 3an Toledorako deia jaso zuen, berak eta anaia Manuel de San Nicolasek Toledoko katedralaren ganga ikuska zezaten, Narciso Tomek egin nahi zuen beiratea zela eta, erortzeko arriskuan zegoen susmoa baitzegoen.

Garai horretan seguraski Toledon zebilen Miguel, Villarrubia de Santiagoko obraren manufaktura egiten, zeren eta bost urte beranduago arte ez baitugu artistaren berririk aurkitu. Hala ere, azaroaren 10ean dei bat jaso zuen harako eraikin-arkitektotzat baino gehiago erretaula-arkitetotzat baitzeukaten 61 PRADOS Jose Maria: Los Tomé: una familia de artistas españoles del siglo XVIII. Madrileko unibertsilale complutensea, erreprografiaturik, 1992, 270 eta ondorengoak 1725eko akta kapitularrak (T.K.A.K.).

Gipuzkoatik datorkigu arkitektoari buruzko hurrengo berria, Tolosatik hain zuzen. Herri horretan Jose de Zuaznabar arkitektoarekin agertzen zaigu, Juan Bautista Saguesek egindako alboko erretaula bati buruzko zinpeko aitorpena egiten, 1730eko abuztuaren 18an deitu baitzuen gure arkitektoa Juan Bautista Saguesek.